+34 696 675 375 info@ofmtierrasanta.org

JESUSEN BI JAIOTERRIETAN

Ilunsentian heldu ginen Jerusalemera, eguzkia itzaltzen doan ordu urdin urre-kolorean. Goiko balkoi hartatik, etxe zuriz josita ageri zen hiria. Geldialdi labur hartan, Jerusalemgo lurra hartu nuen eskuetan, so egin nion eta nigana hurbildu nuen. Eskerron eta hurbiltasun keinu txiki bat zen Jesusen lurraldearekiko, bat-batean atera zitzaidana, egitarauz kanpokoa … erromesaldia ez baita lekuak ezagutze hutsa baizik gizon bat ezagutzen jarraitzea, Jesus, Jainkoa gizaki egina, fede-begiak zabalik, hura bizitu eta azken orduak igarotako tokietan, piztua izan zen inguruan.

Aurreneko pausalekua: Nazaret. Jesusen jaioterriak galderak sortarazi zizkidan. Zer bizitu zuen han Jesusek? Izan ere bere urte gehienak Nazareten ezkutatzen dira –edota han eta beste nonbait–, Jordanen azaldu aurretik. Zuhaitz baten sustraiak lurrean nola, Jesusen bizitza Nazareten hala; enbor-adarrak ikusten ditugu, baina zuhaitza ez da zuhaitz errorik gabe. Beraz, susmoa dut Nazareten uste baino gehiago dagoela. Herri sinestedun hartan doa Jesus hazten eta hezten, Itun Zaharreko iturrietan otoizten duen herri fededunean. Etxean eta Nazareten biziko zituen aurrena Galileako jende pobrearen itolarria eta beldurra; eta sufrimendu hartan erneko zitzaion bestelako bizitza baten itxaropena, Zeruak hala nahi duelako, Jainkoaren barne-barnea urratzen baitu bere herriaren justizia-egarriak eta negarrak, ez Jerusalemgo Tenplua bezala, diruari eta botereari era eskandalagarrian emana, jendearen zorigaitza axola gabe. Zeruko Aitaz betetzen doan gaztea gizontzen irudikatzen dut Jesus Nazareten –eta handik haratago–, Jainkoari bere asmoaren arabera molda zezan uzten, Aita Onaren errukiak gero eta hunkituago, Jainkoaren Erreinuan itxaropena gero eta sendoago. Jainko Attaren nahiak eta bere herriaren egoerak gero eta harrapatuago.

Nazaretez gogoratzean dei bat entzuten dut Jesusen Misterioaren aurrean gelditzeko, otoitz isilean gogoeta egiteko, ez aspertzeko bilatzen, Ebanjelioan sustraituta eta bizitzari arreta jarriz, nireari eta besteenari, maitasunez eta onez erantzuteko zergatiak edukitzeko.

Eta Mesiasen jaioterrian zer? Belen, oi Betleem! Bi izar ikusi nituen han. Lehena, Belen zatitzen duen murruan. Garaia da, bortitza, mingarria. Argazkiak egiten ditut busetik. Graffiti ugari dago. Batean, harresia ageri da, borobila, eta erdi-erdian Eguberriko zuhaitza altxatzen da, porlanezko paretak baino gorago; arbola azpian opariak eta puntan, Belengo izarra. Astindu egiten nau graffitiaren indarrak, harresiarekin kontraste handiagatik. Salaketa da eta itxaropena. Bakea urratzen duten lekura dator Jesus, bakea bakez egiten erakustera, ez indarrez. Hori da Jainkoaren oparia Eguberrian eta Urteberrian, egunero eta urtero, eta bake-egarri hori gizon-emakumeen bihotzetan sortzea eragotziko duen harresirik Palestinan, Lur Santuan ez Jesus bizi dugun lur santuetan, bakea bilatzera bultzatzen gaituela.

Aurrera jarraituz, bigarren izarrarekin egin dut topo, artzainen arpean. Eukaristia ospakizunean, begiak jaistean, hara non ikusten dudan, lurrean egindako mosaiko batean. Izarra Zerukoa dela baina lurrean itsatsita daukagula adierazten balego bezala iruditzen zait, bizitzako gorabeheretan argi egiteko, Jesusen bidea erakusten. Oi, fedean eta itxaropenean iraungo banu Jaunaren izarra bilatzeko. Jesus zapalketa- eta nagusikeria-hesiak eraistera datorrelako gaur ere, eta askatasuna, elkartasuna eta justizia eraikitzera, menderatu gabe maite duenaren ahultasun indartsuarekin..

EMAKUME ERROMES

Hilobi Santuan ginen gauerdia jota. Matutien orduan, frantziskotarren gregoriano bareak emeki blaitzen gintuela, Piztueraren kontaera entzuten genuen Joanen ebanjeliotik. Hartan, Jesusekin elkartu ziren emakumeak etorri zitzaizkidan pentsamendura. Ez dut beti erraz imajinatzen Jesus emakumeekin, bere taldean. Oso barneratua dugu hamabiena eta hutsune handia dago Elizan Jesus eta emakumeaz. Pixkanaka ari zaizkit begiak irekitzen.

Galileako aintzira aldean nirekiko nioen hamaika emakumek aukeratu zuela Jesus, hari jarraitzea erabakiz. Ezin dut sumatu zer izango zen emakume jaiotzea gizona jaun eta jabe zuten giro hartan. Bada, Berri Ona beraiei ere bazegokiela ikusi behar izan zuen hainbatek, eta fidatu egin ziren Jesusekin eta ausartu senidetasun eta elkartasun berri bat bizitzera… Ez zen samurra izango, baina emakume haiek aurrera jotzea erabaki zuten. Eta Jesusek, askatasun harrigarriz, onartu. Kafarnaumen, Pedroren etxeko hondakinei begira, pentsatzen nuen nire artean a ze begiak jarriko zituzten gizon hura mahaia zerbitzatzen ikustean eta, agian, besteei oinak garbitzen, edota negarrez Jerusalemi begira, eta emakumeak ikasletzat hartzen nahiz emakumeengandik ikasten… Bazterketarik eta bereizkeriarik ez Jainkoaren Erreinuan emakume izateagatik, alderantziz baizik.  

Dominazio gogorraren erdian, askatasun handi hau eraikitzen ikusten dut Jesus hitzez eta egitez pobreen alde, horien artean emakumeen alde, Aitaren nahia betez. Jesusentzat Jainkoak bere antzeko sortu du gizakia, gizon eta emakume, elkarrekin libre bizitzeko, ez gizonak emakumea mendean edukitzeko, ez baitago bere gainetik eta are gutxiago da bere jabea. Kontrakoa injustua da, sufrimendua eta beldurra sartzen du emakumeen bizitzan, ez die uzten Jainkoak alaba maitetzat dituela jabetzen eta duintasun horrekin ekiten. Hori ez al da bekatua? Beraz, kanpora dominazioa Jainkoak nahi duen mundutik. Menderatze harremanik eta antolaketarik ez Jesusen taldean. Inor ez inoren gainetik. Elkartasun handi bat gizon-emakumeen artean. Jesusekin denok anai-arreba, Jainko Aitaren seme-alaba.

Ez dakit ere Magdalako Mariak ze joera izango zuen Jesusekin topo egitean. Emakume izanik, patriarkatu hartan itota imajinatzen dut, bere onetik aterata eta bakea urratuta, iparrik gabe eta hautsita… eta halako batean, Jesus. Ez dut uste parean pasata ezikusiarena egingo zionik, axolagabe. Jesus sentibera da. Errukiturik, ‘emakume, zergatik ari zara negarrez’ galdetu ote zion, gero bere izenez, `Maria’, deitzeko? Harreman sendagarri, askatzaile eta duingarria ezaguturik, Jesusen aldean eta alde ageri zait Maria, jarraitzaile leial, Erreinua eragiten, emakume gehiagorekin eta, agian, fede motxeko gizonei aurrea hartuz behin baino gehiagotan.

Mariak –eta beste batzuek– ez du Jesus utziko gurutzeko orduan, Golgotako mosaikoetan ageri den bezala. Deseginda datorkit irudimenera, baina bila, ez etxean itxita. Bere beldur eta desesperazio guztiak baino gehiago da Jesusekin bizitutako maitasun salbagarria. Probatu du

Amaitzen…

Ilunaldiko fedea: argialdian bizitutakoaren oroimena sumatzen dut Mariaren bilaketan. Lagun ona dugu Magdalena Jesusi begiratzeko, deskubritzeko eta leial jarraitzeko; ebanjelioetako emakumeak, Jesusek beti onez hartuko gaituela erakusten digutenak. Ez hori bakarrik. Erabakimena duten emakumeak dira, Jainkoa gorpuztu den Jesusi jarraitzea aukeratzen duten lagun eta fededun leialak. 

Egiazko Jesus nahi dut, nahi dugu, ez desitxuratua. Emakumeak maite gaituen Jesus, gurekin bidean doana itxaropena berrituz. Emakumearentzat askatasuna eta justizia egitea ere Jainkoaren Erreinua eraikitzea bada, eta hala da, dominazioari uko egin eta bihozberritzeko esaten digu Jesusek. Zer esanik ez Elizari, uzteko goitik beherako klerikalismo eta matxismo jasanezina, eta ikusteko garaiko ezaugarrien artean emakumea, Elizan partaide eta erabakitzaile, Jesusen jarraitzaileen duintasunez.  

Oi, emakumeak lehenak izatera iristen ari garen honetan, ez gaitezela Jesusekin ahaztu eta sorgor bihurtu: elkartasuna azkenak diren senideekin, behartsuekin, lehenak baitira Jainkoak nahi duen munduan. Gauden adi Jesusi, bai. Izan ere, zein dago “aurrenzalekeriaren” eta bestea menderatzearen bekatutik libre?

 

Pin It on Pinterest

Share This