+34 696 675 375 info@ofmtierrasanta.org

Pandemia lehertu zenean bertan behera geratu ziren erromesaldiak. Atzera hasi gara Lur Santura joateko deiak egiten. Urrian izan genuen aurreneko erromesaldia. Hemen erromes joandako emakume baten lekukotasunak jarriko ditugu. María Jesús Guerra Gorrotxategiren testigantza eskainiko dugu

Pandemiako itxialdiak amaituta, itzuli dira erromesaldiak. Urria izaten da Arantzazuko frantziskotarren aukeratua duten hilabeteetako bat Lur Santura joateko. Hogeita hamabost lagun elkartu ginen, eta gure artean hiru gazte, Mikel, bizkaitarra, eta Ane eta Amaia, gipuzkoarrak, 20 eta gehiago urteko neska-mutilak. Nesken amak animatu zituen Lur Santua ezagutzera.
Lehen egunetik iruditu zitzaidan gazteok ez zirela axolagabeak Nazareteko Jesusekiko, alderantziz baizik. Jainko gizaki eginaren hitza eta bizitza entzun eta irudikatzeak, han, Nazareten, Galileako Lakuan, Belenen, Jerusalemen eta Hilobi Santuan…, arrastoa utz dezake gazte sentiberengan, nahiz eta elizatik eta kristautasunetik aldendu samar egon. Leku bereziak dira, izan ere. Han, geure bizitza, pozak eta zauriak, barru-barrutik atera daitezke askan dagoen Jesus Haurraren aurrean edo gurutzean josita dagoen Jesusen aitzinean, gure bihotzean halako zirrara egin arazteraino negar-zotinka isilean, Jainkoa bakarrik konturatzeko eran … hartzen ditu, bai, gure malkoak zeruko Aitak bere neurrigabeko xamurtasun eta errukiaz.

Begirunea, jakinmina, naturaltasuna ikusi nituen erromes eginez zihoazen hiru neska-mutilengan, eta nola ez, alaitasun eta umore onez zipriztindu gintuzten. Guretzat, fededun garela aitortzen dugunontzat, aukera bat eta, aldi berean, proba bat da gure fedearen lekukotasuna emateko gazteek ulertzeko moduko hizkeraz eta esanguratsuak izango zaizkien mezuen bidez. Eta esan dezagun argi, helduok ere entenditzeko moduan, izan ere irudipena daukat ez ote dugun gauza gehitxo jakintzat jotzen. Ebanjelioak irakurtzean berehala ohartzen gara Nazareteko Jesusen hizkera biziaz: ulertzen zioten ogia egiten zuten etxekoandreek hazia ereiten zuten gizonek bezala, emakumeentzat eta gizonentzat hots egiten zuelako Ebanjelioa; emagalduak hunkitzen zituen, legearen maisuak erresumintzen zituen adina … ez zuen inor axolagabe uzten Aitaren Berri Onaren suak harrapatuta hitz egiten eta jokatzen zuenean. Jesusi buruz gazteekin hizketan egitea bizigarria gerta daiteke, fedea Norengan dugun argitzeko ariketa on bat.

Beraz ba, uste dut ez dela hutsala gazteei, borondate oneko eta pentsaera irekiko hainbat neska-mutili, Ebanjelioa eskaintzea, balio duela Jesus ezagutu eta jarraitzera gonbidatzeak Jainkoagan sinesteko, sufritzen dutenei begiratuz eta eskua zabalduz; uste dut garrantzitsua dela hizkera argitzea. Adibidez, hitz bat nahiko kutsatua dagoena eta maiz gaizki ulertzen dena: “bekatua”. Argigarria iruditzen zait bekatuaz hitz egitean sufrimendu bidegabearekin lotzea, alegia, bekatua hurkoaren bizitzan eta norberarenean sufrimendu bidegabea sartzea dela, hurkoari gaitz egitea eta herrietan ezinbizia eragitea, axolagabekeria ere, sufritzen dagoena bost axola izatea, bekatua dela; azken batean, Jainkoak guretzako duen egitasmoaren aurka jotzea dela bekatua, guztiontzat eta guztion artean bizitza duin eta zoriontsua eraikitzearen aurka egitea. Uste dut hitzen zentzua argitzeak asko lagun diezagukeela denoi, gazteei eta ez hain gazteei, eta ona dela esperientzia ebanjelikoaren hondora joatea Jesusen espirituarekin sinesteko.
Azalpenak gogokoko dituzte gazteek, istorioak eta gertaerak. Kontakizunak beti dira gustagarri, baita interneten aroan ere. Eta gazteek hitzarekin ekintza nahi izaten dute: senide elkartasuna haragizkoa egiten dela ikusten dutenean, horrek du sinesgarritasuna. Gustura ikusi zuten gure neska-mutilek Belengo Magoen Etxea, beharrean diren emakume eta familientzako lanbidea ahalbidetzen duena, non frantziskotarren TAU fundazioak esku hartzen duen; edo Jerusalemen frantziskotarren lurretan eraikitako babes-etxeak, 300 eta gehiago palestinar kristaurentzako, bestela non bizi ez lukete izango eta. Hiru erromes gazteak arretaz entzuten zituzten esanak eta ikusten zituzten eginak, kristau lekukotasunaren egia neurtzeko. Frantziskotarren Kustodiaz oroitzapen ona dutelakoan nago. Hala espero dut.

MAGDALAN MARIA MAGDALENA FALTA

Ederra da Jesus bere jarraitzaile taldeko gizon-emakumeekin joaten zen parajeak zeharkatzea, Kafarnaumen ezagutu zuen lakua eta begiratzen zuen zerua ikustea, egon zen lekuetan geldialdia egitea. Ederra da eta hunkigarria gerta daiteke. Halako batean, Lur Santuan erromes goazela, ustekabeko bat… eta berriro jabetzen gara Jesu Kristok bihotz-berritzeko deia egiten diola Elizari.

Erromesaldiko egitaraua betez, Magdalara joan ginen arratsalde batean, orain 2000 urte Galileako laku ertzean zegoen Maria Magdalenaren herrira. Han erakutsi zizkiguten Jesus ibilitako sinagogaren hondakinak. Ez dakigu Jesusek eta Mariak non egin zuten topo lehen aldiz. Baina badakigu Maria Magdalakoa bihurtu zela Nazaretekoaren jarraitzaile nagusietako bat, ez zuela inoiz abandonatu, ezta gurutzeko orduan ere, eta bera izan zela Berpiztuaren lehen lekukoa, eta Pedrori eta besteei berri eman ziena. Mariaren herria zegoen lekuan eliza berri bat dago, Mexikon 1941ean sortutako ordena batek eraikia, gustu handiz. Ikusmira zoragarria eskaintzen du sarrerak: argiaz blai egiten da tenplua; aldare atzean, alde batean, arrantzuntzi bat benetako itxura duena, Jesusen garaiko haien tankerakoa dirudi, eta barku eta aldare atzean, beira garden handi-handi bat eta hantxe ageri da Galileako aintzira zabala, eta ematen du eliza tenplutik haratago dagoela, lakuan bertan doala. Elizaren sinboloa dirudi, itsaso zabalera joateko prest dagoen itsasontzia, Jesusen deiari jarraituz. Aurrealdeko ikuspegi hura utzi eta begiak tenpluko hormetara itzuli nituen. Elizako hormetan, hamabi apostoluak, ilaran, sei eskuinean eta sei ezkerrean. Eta “apostoluen apostolua”? Ezta arrastorik ere. Maria Magdalena ez dago Magdalako elizan. Kanpoan dago. Kapera bat egin ez diote ba, tenplutik kanpora! Lotsagabeak halakoak! Gogorra da esatea baina Jesusen Espiritua ez da asko sartu, alafede, eliza hartan!

Benetan diot, hura ikusi nuenean Ebanjelioa ukatzen zuela sentitu nuen, eta, emakume naizenez, gu ere ukatzen gintuela eliz-jokaera hark. Jesu  Kristok gizona nagusi eta emakumea mendeko egiten duen kultura patriarkal zaharra irauli, eta hauek Maria Magdalena elizatik kanporatu! Eliza barruan ageri den emakume bakarra Nazareteko Maria da. Baina, ai, oi, ai! zer esango ote luke Andre Mariak Berri Onaren bidean Jesusi jarraitu eta lagundu zion Magdalena elizatik baztertua ikustea egokitu balitzaio. Ez dakit baina konbentzituta nago ez zela isilik geratuko Jainkoaren onginahiz betetako Nazareteko Maria, Jesusengan sinetsi zuen Ama. Haren kantikan pentsatuz zera atera zait: Gauza handiak egin ditu Jainko on errukitsuak: harroak elizako goi-postuetatik bota ditu eta ezereztuak heldutasunera jaso; Jesu Kristoren jabe zirela uste zutenak esku-hutsik bidali ditu eta haren jarraitzaile leialei eman die eliz-lekukoa. Ondo pentsatuz, iraina da emakume fededun helduentzat Maria Magdalenari hutsunea egitea. Onartezina. Nahikoa da. Ebanjelioaren aurkakoa ez ezik, egungo kulturaren aurkakoa ere bada, gainera. Zer eskaini behar digu eliz molde matxista horrek? Nola eragingo du ba egungo kulturan! Zabal ditzagun begiak, ez gaitezen ohitu Jesusengandik ez datorrena onartzen.

BASAMORTUAK ETA TABERNAK

Aurrera goaz erromesaldian. Urria da. Hilabete lehorra eta beroa Lur Santuan. Urrun daude euriteak. Begi aurrean egunero eremu mortuak. Lur lehorra. Inpresioa egiten dute paraje haiek, goian zerua eta behean lurra, kilometrotan eta kilometrotan zuhaitzik ez, landarerik ez, urik ez … Basamortura jotzen zuten profetek Jainkoaren hitza entzuteko. Jesusek ere bai. Kontraste galanta gure herriko berdetasuna eta joritasunaren aldean. Kontrastea ere badira lursail zabal soilduak eta noiz-behinka azaltzen diren herrixka pobreak, gure herrietako ugaritasunaren aldean. Baina buruan izan dut zenbat eta kanpoko gauzez beteago, orduan eta barrena hutsago eta idorrago ez ote daukagun. Eta gure barruak ere lehor-lehor eginda dauzkagunean, norengana joko dugu gure bihotza berritzera, gure gogoa sendotzera, gure barrua freskatzera? Norengana joko dugu itxaropen eta zentzu bila?

Erromesaldia ibilaldi trinko-trinkoa da. Goiz-goiz jaiki eta egunak bete-beteak izaten dira, esandako ordurako agindutako lekuetan egoteko. Baina egunaren akaberan atsedenaren ordua dator, lagunartean egoteko unea. Izan ere, erromes-taldean sintonia sortzen denean giro ona izaten da. Gustura egiten genituen afalosteko irteeratxoak hotel ondoko tabernetara, urriko gau atseginetan, Nazareten, Belenen, Jerusalemen. Hango garagardo bereziak, hango likore zuri hura, izena ezin oroitu ba… A! oroigarria ere ekarri nuen, “souvenir” bitxi bat, tabernako oparia izan zela esango dugu…

EZ DA AMAITU

Azken hitz bat. Lur Santuan zerbaitek egin dezake zirrara, bakoitzak daki. Agian arrastoa utziko zigun lekuren batek edo bestek, behar bada ustekaberen bat gertatuko zitzaigun… Egun beteak izaten dira oro har. Etxera itzultzean, bizi izandakoa hausnartu ezean eta elikatzen ez badugu, ordea, lausotu eta, azkenerako, ahaztu egingo zaigu. Leku berezietatik igaro izanaren oroitzapena izango dugu, hasieran bizia eta atsegina, eta, denbora joan ahala, itzalduz joango dena; azkenean zerbait axalekoa geratuko zaigu. Aldiz, ikusi, entzun eta barruan ekarri ditugunak heldu egin daitezke gure baitan Ebanjelioa irakurriz berritzen baditugu, kristau elkarte bateko elkartasunarekin aberasten baditugu, Jesusi buruzko liburu on bat irakurriz argitzen baditugu. Gu zorionekoak gara Jose Antonio Pagolaren “Jesus. Hurbilketa historikoa” eskura daukagulako. Gainerakoa, fedea, Jainkoak ematen digu opari. Ez dago gure esku fedea ematea. Hartzeko zabalik egotea bai, hori guri dagokigu, eta dohain hori zaintzea ere bai.

Frantziskotarrek 800 urte bete dituzte Lur Santuak zaintzen, eta guk erregalo ederra jaso dugu Jesusen lurraldea ezagutzean, Juan Mari Iturria eta Fausto Yudego fraideak lagun genituela. Orain jarrai dezagun erromes gure herriko Galilean.

Pin It on Pinterest

Share This