Lur Santuan igarotako zortzi egunen artetik, Jerusalemek eragin didana nabarmenduko nuke; galderak datozkit nire baitara, hura argi-lekua den edo, hobeto esanda, hitz- eta odol-lekua, non bere murruek mendeetako egia kantatzen eta historiaren egia kontatzen duten, haren distirak santuak eta deabruak lausotuko balitu bezala, argi hau gaueko olio-kriseiluaren azpian ehortzarazi arte. Hamaika gerra eta guduren katea, hondakin eta zakarrak pilaka, haren altxor ugariak ezkutatzeraino, urrezko ilunsentia labe eguzkitsu batean urtzen ikusi ezinik zurezko altzifre eta hainbeste harmailatako dirdira artean. Bertan, Siloeko ur-putzuan sortzen den jakinduriaz, kantuz ageri dira harresiak ura eten gabe darien iturburuen artean.
Garretan dago gaur egun ere leku hura eta, oraindik irauten duten odolaz eta minaz haratago, bakezko argi eta zirkulu gisa erakusten du guztion Bakea.
Mende askok bizi zaituzte, gaur egun ere erreguaren eta arranguraren lekukoak dituzu, otoitzaren eta armen testiguak, odolaren eta argiarenak, lau barrunbetan taupadaka ari den bihotzarenak: Armeniako bakardadea da bat, patio zuriz eta karezko argiz jantzia; bestea, erretzen ez duen suaren gar kristaua errugabearen saihetseko zauri argitsuan; hurrena, Juduen auzoa, suntsitua eta makina bat aldiz berpiztua horman hizki gabe idatzitako mezuen bidez; eta urrezko kupula urdinaren inguruan Musulmanen murmurioa, lozorroan harkaitz guztien arteko harkaitzaren gainean.
Behar bada, guretzat, guztia errazagoa izan liteke… Kristoren bizia eta gure bizitzak Getsemaniko olibondo zahar urtetsuen baitan soilik uzten baditugu, oraindik han dirautenak gizakiaren itxaropenak emeki arnasten, emeki, oso emeki.
Itsaso Hila, ikusezin helduaren ikusterrea eta izatearen azken muturra. Basamortu bihurtutako bihotzeko sakana eta ebakia, eta esmeraldazko egarri dardarati dirdaiduna, goiko zerura doana suak hartutako sugar antzo. Sentimena eta oroimena aztoratzen dituen urruntasunen konstelazioa, gal-gal dagoen eguzkiaren haizekirri hutsala beiratzen duen kresal gaztsu eta usua.
Besarkatuz moldatzen du gure gorputza bere argiaren kulunkak, lasaitasunera eta abandonura garamatzan bitartean, zoramenak arnasten dituen otoitz sonanbulura eramaten gaituelarik palmondoen itzalean, hemen fosildu den haratago bateko espazioen zuria edateraino, zeinak ez izatean nabari duen izatearen ziurtasuna. Haragia harkaitz egiten da, malko lehorrak eta harriak, jakitun direnak denbora igaro egiten dela, bizitzea gau eta egun ahalegintzea dela, urtea joan eta urtea etorri ahal den guztia egitea. Hemen jada ez dago hizketarik, mintzo mutua ari du argiaren isiltasunera itzultzen garen bitartean.
Galtze harrigarri eta amaigabe batek denboran zehar irauten du bizitza amaikorraren sugarra piztu arte. Jakinik eztia dela bizi-gaia ematen digun jakinduriaren heriotza, non ez zaion tarterik uzten gure buruaz irrika izateari edo eduki-goseak irentsita bukatzeari. Hila den eta bakean bizi den mundu batek hats ematen digu, gatzez gozatutako isiltasun Bizi-emaileak sortzen dituena.
Zeruak eta basamortua makurtu ditzakegu hemen, begiak eguzkirantz jasoz. So egin dezakegu eta geure baitatik atera gaitezke gure barne-barnean egonez, jira eta bira dabilen zirkulu batean murgildurik, oraindik garen galdutako izarrera eta ahaztutako astrora bihurtzeko. Bizitzako basamortu guztietan barrena basamortua igarotzea egokitzen zaigunean, hartu eta bota dezagun arnasa beldurrik gabe, bizitzan argia ereitera etorri Zenaren Mintzoa xuxurlatzen entzun arte. Utz diezaiogun argi berantiar eta lasai honi gutaz jabetzen, argi izanez non galdu izateko eta hilez eskaintza eginik jaiotzeko…